Santimamiñe
Santimamiñe | |
---|---|
![]() Kultura ondasuna | |
![]() | |
Aztarnategi arkeologikoa | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Herria | Kortezubi |
Koordenatuak | 43°20′48″N 2°38′12″W / 43.3467°N 2.6367°W |
![]() | |
Multzoa | Altamirako leizea eta Espainia iparraldeko paleolitoko labar-artea |
Azalera | 0.988 km² |
Santimamiñe Bizkaiko iparraldean dagoen leize bat da. Hor, Goi Paleolito garaiko margoak daude, Magdaleniar aldikoak, orain dela 13.000 urtetakoak. Bizkaiko Kortezubi udalerrian daude kokatuta, Basondo auzoan, Ereñozar mendiaren magalean.
1916an J.F. Bengoetxeak aurkitu zituen bertako labar-pinturak, eta ondorengo urteetan Enrique Eguren, Telesforo Aranzadi eta Jose Migel Barandiaran arkeologoek haitzuloak ikertu zituzten sakon, 1918 eta 1926 artean.
Hainbat urtez jendearentzat ikusgai egon ondoren, gaur egun ezin dira osorik bisitatu. Horren ordez, Bizkaiko Foru Aldundiak Santimamiñe, milaka urteko paisaia izeneko bisita birtuala antolatu du.
2008an UNESCOk kobazuloak gizateriaren ondare izendatu zituen, Ekainekin eta Altxerrirekin batera, Altamirako leizearen talde berean sartuta.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Labar-arte multzo handi bat aurkitu zen 1916an Kortezubiko Santimamiñe kobazuloan.[1] Arkeologia ikuspegitik, Santimamiñek garrantzi izugarria du, maila guztiak eskaintzen baititu, antzinako Auriñaziensetik hasi eta Behe-Inperiorainokoak.
Arte historialariarentzat, benetako santutegia esaten dioguna da esparru garrantzizkoena: 20 bat metroko luzera du eta 4 edo 5 m-ko altura. Irudien talde nagusia areto txiki batean dago, normalean oso sarbide zailekoa izaten da eta honen aurretik aretoaurre bat dago, osatugabeko zenbait bisonte eta zaldiez gainera, marra sail bat ere ikus daiteke. Ia biribila den ganbara edo aretoaren inguruetan –Leroi-Gourhanek biribilgune deitu zion– banaturik oraindik ere irudi-multzo gehiago daude.
Irudiak eta beren kokamena. Bere ikusgarritasunagatik, taula bat nabarmentzen da, oso argi eta garbi sei bisonte, zaldi bat, orein buru bat eta ulermen zailagoko beste trazu eta marra multzoa goza daitekeelarik. Zer adierazi nahi ote du behin eta berri zaldia eta bisontea parekatzeak eta beste sei bisonteek –hauetako batzuk zutikako jarreran jarririk– seiak erdi-erdian marrazturiko zaldi bakar batek inguruan dituela? –galdegiten du gaurko ikusleak jakin-minez. Baina, erantzunik gabeko galderak.
Bi multzo hauetaz gainera, kobazuloaren barruenean, sarreratik 150 m-ra, 1953tik 1962ra bitartean irudi berriak aurkitu dira; hauen artean, bisonte batzuk, zaldi bat eta ahuntz bat.[2]
Guztira, ia berrogeita hamarrera iristen dira animalia-irudiak. Espezierik ohikoena bisontea da.
Leizea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leizeak 365 metroko luzera dauka eta estalaktita eta estalagmita ugari, irudi ederrak eskaintzen dituztenak. Sarreratik 60 bat metrotara, ezkerrera, pasabide estua dago, bi aretoetan zabaltzen dena: Bata pinturen aurreko gela da, eta bestea gela nagusia.
Aurreko aretoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Areto honetan marrazki ugari daude, zaldiak eta bisonteak azpimarragarriak izanda, nahikoa hondatuta egon arren.
Areto nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gela nagusiak karratuaren forma dauka, 4 metro luze, 3 m zabal eta 3.5 m altu izanda, eta kobazulo guztian dagoen marrazki multzorik ikusgarriena du: Sarreraren ondoan bisonte talde bat dago eta horma nagusian 8 bisonte, zaldi bat eta uztai moduko marra bat.
Teknika eta estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hemen, Altxerrin ez bezala, irudi gehienak pintatuak daude, eta itzal eta guzti batzuk. Irudi grabatuak oso gutxi dira. Perfekzioan eta estiloan aldaketa sumatzen da baina ez da erraza hortik kronologia bat ateratzea.
Henri Breuilek zioen itzalekin modelaturiko lau bisonteetatik hiruk beren lau hankak agerian zituztela, eta trazu soil bakar batez marraztuak berriz bi besterik ez. Era berean, Madeleine aldiko ezaugarri moduan denek beren adardura profilez erakusten badute ere, bederatzik baino ez dituzte beren bi adarrak erakusten.[3]
Talde handiko bisonteen artean Ignazio Aldekoak ere desadostasun horiek ematen ditu: “marra-trazu soileko irudien ondoan, badira beste batzuk zenbait tokitan profilaren lodieraren biziagotzegatik-edo ia lauak direnak, gutxi-asko bular, konkor, papar... tinten betelanagatik argi-ilun gehigarri bat planteatzen dutenak. Zenbait aletan arte onekoa izan ohi da delako modelatzea”.
Esan daiteke, estilistikoki nahiko aurreratutzat hartu behar direla; ziur asko, Erdi-Madeleine aldi aldera gauzatuak. Venta Laperrakoen ondorengoak dira. Eta beren teknika eta ohikotasunagatik Pirinioetako santutegiekin uztar daitezke.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Henri Breuilek 1916an bisitaturiko Santimamiñeko kobazuloa bederatzi kanpainetan ikertu zuten, T. Arantzadi, J.M Barandiaran eta E. Egurenek osaturiko taldeak 1918tik 1926ra bitartean. Guztien ondorenak beren Lan Bildumaren IX. liburukian daude. (La gran Enciclop. Vasca, 1976).
- ↑ Kobazulo honetako labarretako irudi guztien deskribapen zehatza J.M APELLANIZen, La caverna de Santimamiñe liburuan dago. Bizkaiko Foru aldundiak argitaratua (Bilbo, 1971).
- ↑ Quatre-cents siècles d´art pariétal. Les cavernes ornées de l´âge du renne. (Paris, 1974) 342. or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aranzadi, T.; Barandiaran, J.M. eta Eguren E. (1925) Exploraciones en la caverna de Santimamiñe (Basondo, Cortezubi) I: Figuras rupestres. Bilbo : Gráficas Grijelmo argitaletxea.
- Barandiaran, J.M. eta Aranzadi, T. (1935) "Exploraciones en la caverna de Santimamiñe (Basondo, Cortezubi) III: Yacimientos azilienses y paleolíticos ; Exploraciones en la caverna de Lumentxa (Lequeitio)". Bilbo : Imprenta de la Excma. Diputación de Vizcaya). Zk. gabe.
- Barandiaran, Iganacio (1967) El Paleomesolítico del Pirineo Occidental : ases para una sistematización tipológica del instrumental óseo paleolítico. Volumen 3 de Anejo de Caesaraugusta. Volumen 3 de Monografías arqueológicas. Zaragoza: Universidad de Zaragoza.443 or.
- Apellaniz, Juan Mari (1969) «La caverna de Santimamiñe, La campaña de excavaciones arqueológicas en Vizcaya durante el año 1969». Kobie: zientzietako aldizkaria, ISSN 0211-1942, 2 Zk., 1970, 45-48 or. Bilbo : Bizkaiko Foru Aldundia.
- Altuna, J (1978a) "978a La Prehistoria Vasca. In: “Euskaldunak I. La etnia vasca”. 1-16 or. Donostia : Etor.
- 1978b Arte prehitórico. In: “Euskaldunak I. La etnia vasca”. 17-32 or. Donostia : Etor.
- Apellaniz, J. M. (1982). El arte prehistórico del País Vasco y sus vecinos. Desclée de Brouver. ISBN: 978-8433005946
- Barandiaran, I. (1988). Historia General de Euskalerria. Prehistoria: Paleolítico. Donostia : Auñamendi. ISBN: 9788470252280
- Gorrotxategi Anieto, Xabier (2000) Arte paleolítico parietal de Bizkaia. Kobie. 2 eranskina,. Bizkaiko Floru Aldundia. ISSN: 0211-1942
- Gutiérrez Zugasti F. I. (2011). «Los moluscos alimenticios de la cueva de Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia): campañas de excavación 2004-2006», Kobie (Serie BAI, 1), 247-265 or. Bilbo : Bizkaiko Foru Aldundia.
- Iriarte Chiapusso M. J. (2011). «Polen y vegetación en la secuencia estratigráfica de Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia)», Kobie (Serie BAI, 1), Bilbo : Bizkaiko Foru Aldundia. 321-341. or.
- López Quintana, Juan Carlos; González Sainz, César; Guenaga Lizasu, Amagoia (2020) «La cueva de Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia) : De ocupación especializada de cazadores de ciervos en el Magdaleniense inferior cantábrico a centro residencial en el Magdaleniense superior-final» in: Guy Straus, Lawrence; Langlais, Mathieu (2020) : Corrélations chrono-stratigraphiques et interactions culturelles au cours du Magdalénien entre l’Espagne cantabrique et le Sud-Ouest de la France… et au-delà. Paris, Société préhistorique française. www.prehistoire.org. ISSN : 2263-3847 – ISBN : 2913745814
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bizkaiko historia
- Ereñozar
- San Migel baseliza: Ereñozar mendiaren gailurrean dagoen baseliza.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![]() |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |
- Santimamiñeko haitzulora bisita birtuala Eusko Jaurlaritza.
- «Santimamiñe». Bisita birtualak. Kultura Ondarearen Zentroa. Eusko Jaurlaritza.
![]() |
Gizateriaren Ondarea Euskal Herrian | ![]() |
---|---|---|
Bizkaiko Zubia • Done Jakue bidea1 (tartean Baionako katedrala eta Ospitalepeko eliza) • Paleolitoko labar-artea2 (tartean Altxerri, Ekain eta Santimamiñe) • Europako pagadi primarioak3 (tartean Lizardoia eta Aztaparreta) Red Bay-ko euskal baleazaleen kokalekua4 1Espainia eta Frantziako beste guneekin • 2 Espainiako beste guneekin • 3 Albania, Austria, Belgika, Bulgaria, Kroazia, Alemania, Italia, Polonia, Errumania, Eslovenia, Eslovakia, Espainia eta Ukrainako beste guneekin • 4 Kanadan |